|
Botanika ibilbideak
Prentsa oharra Botanika ibilbideak. Berriro bueltan Kartela ikusteko hemen klikatu Iazko udaberrian Kima euskara taldeak herrian dauden landare eta zuhaitzen berri jasotzeko BOTANIKA IBILBIDEAK antolatu zituen. Iaz parte hartzeko aukera izan ez zutenek aurten izanen dute aukera Kima euskara taldeak hiru botanika ibilbideak errepikatzea erabaki baitu, eskaintza interesgarria dela uste baitu. Iaz lagun taldea bildu ginen eta jendeak gaiarekin interesa izan dezakeelako errepikatzea erabaki dugu. Udaberrian naturak kolore ikuskizun ederra eskaintzen digun honetan, herriko landarediari erreparatzeko aukera aparta dira botanika ibilaldiak. Altsasuko dermioan barna eginen diren hiru ibilaldik osatzen dute Kimaren eskaintza eta herria beste ikuspuntu batetik ezagutzeko aukera emanen dute. Gurean ditugu landare eta zuhaitzen berri izateko dira ibilaldiok: non sortzen diren, haiei buruzko xehetasunak eta abar. Ibilbide bakoitzean bi ordu inguru emanen dugu, egoeren arabera luzatu daitekeelarik. Herri gunetik gertu izanen dira. Altsasuko landare ohikoenak ezagutzeko aukera aparta izanen da. Aurreneko ibilaldi honetan, besteak beste, ibai ertzetako eta hemengoak ez diren landareak ikusiko ditugu. Hemendik gonbitea luzatzen diegu landare eta zuhaitzetan interesa duten guztiei, familiak barne. Izan ere, haurrek gurasoen laguntzaz Altsasu eta bere inguruak beste modu batera ezagutzeko aukera izanen baitute paseo horietan. Botanika ibilbideetan parte hartzeko ezinbestekoa da euskara jakitea, azalpenak hizkuntza horretan emanen baitira. Azalpenez gain, zenbait material ere jasoko dute parte-hartzaileek. Botanika ibilbidean parte hartu nahi dutenei, aldi berean, eskertuko genieke www.altsasukokima.comweb orriaren bidez izena ematea (joanen direnen kopurua behintzat), prestatu beharreko material kopuru zehatza jakin ahal izateko. Aurreneko botanika ibilbidea apirilaren 24an izanen da. 16:30ean elkartuko gara Lanbide Heziketa institutuan. Bildutakoen autoetan sartu eta “puente segundo” aldera joko dugu, handik abiatuko baita lehen ibilbidea. Eta zure agendan tokia egiten joan zaitezen, jakizu hurrengo botanika ibilaldiak maiatzaren 15ean eta 22an izanen direla. Botanika ibilbideak, larunbat arratsalde ederra pasatzeko aitzakia polita delakoan, Kima euskara taldeak parte hartzera gonbidatzen zaitu. Altsasun, 2010ko apirilaren 14an Kima Euskara Taldea www.altsasukokima.com Laguntzaileak: - Altsasuko Udala - Sakanako Mankomunitatea
[Iruzkina sartu]
|