|
Ipuin lehiaketako sarituak
Prentsa oharra Euskaltegietako ikasleendako ipuin lehiaketako sarituak Euskaltegietako ikasleei zuzendutako ipuin lehiaketak baditu sarituak. Kimak antolatutako lehiaketa seigarren edizioan Altsasu, eta Sakanako, AEKko Itsasi euskaltegiko xxx ikasleek lehiaketara 14 lan aurkeztu zituzten (4 A mailan, 4 B mailan eta 6 C mailan). A, B eta C mailako lanik onenendako sari bana banatu du Kimak. Literatur lanak aztertu dituen epaimahaiak esan dute ez zaiela erraza egin erabakia hartzea. “Hiru kategorietan zalantzak izan ditugu, eta, besteetan esan izan dugun bezala, ipuina idazteko ahaleginak berak saria merezi du. Nolanahi ere, beharbada aurten gehiago erreparatu diogu hizkuntza mailarekiko egokitasunari, gure ustez garrantzitsua baita ikasleak konturatzea gai direla, zein bere ezagupenekin, historia bat kontatzeko”. Horiek horrela, epaimahaiak erabaki zuen A mailan (3. urratsera bitartekoa) saria ematea Patxi Iraizozek, Mª Mar Abadek, Marivi Martinek, Kiko Onievak, Noemi Gomezek eta Luis Diazek aurkeztutako idazlanari. Haien Burdinazko munstroa ipuinari buruz epaimahaiak zera adierazi du: “Altsasun gaurkotasun handia duen gai batez hitz egiten digu, ipuinetako elementuez jantzita, hala nola animalien eta gauzen pertsonifikazioa, eta oso euskara egokiarekin mailarako”. Haren egileek Arkatz liburu-dendan gastatzeko 75 euroko txartela eskuratu dute. B mailan saria merezi izan zuen duena Eraztun magikoa idatzia izan da, Jose Luis Ojerrek, Noelia Martinek, Mikel Aingeru Lealek, Eugenio Bonok eta Juanan Guerrerok idatzia. Epaimahaiak zera dio: “ipuin honek bete ditu hobekien lehiaketaren oinarriak, mitologiaren ezaugarriak dituen historia fantastikoa, Altsasun kokatua, eta hizkuntza aldetik mailarekin bat datorrena”. Sarituek Arkatz liburu-dendan gastatzeko 75 euroko txartela eskuratu dute. C mailan (3. maila, EGA ikastaroak eta Mintzakideak) Aurki itzuli lanak eman dio saria Maite Arguellesi. Epaileek nabarmendu dutenez, “ipuinetik harago doala esanen genuke, kontakizun labur honen argumentua nobela bat idazteko adinakoa delako. Suspensea du eta interesa amaieraraino, eta Altsasurekin lotura duten elementuen garrantzia ere nabaria da, trenbidea edo Josefina Arregi zentroa, adibidez”. Kima Euskara Taldeak emandako saria jaso zuen. Kima euskara taldeak lehiaketaren balorazio positiboa egin du. Are gehiago ikasleek ikasitakoa gelatik kanpo erakusteko aukera izan dutelako eta, bide batez, haien euskara ikasteko ahalegina errekonozitua izan delako. Epaileekin bate eginez, Kimak egile guztiak zoriondu eta euskalduntzeko bidean ez etsitzeko deia luzatu die parte hartzaileei. Kima euskara taldearen web orrian, www.altsasukokima.com–en, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak dagoeneko irakurgai dituzu. Haiek ezagutzera gonbidatzen zaitugu. Edizio honetako 14 lanez gain aurreko bost edizioetako 63 idazlanak ere irakur daitezke. Hortxe gonbitea irakurriz momentu ona izateko. Altsasun, 2010eko maiatzaren 17an Kima, Altsasuko Euskara Taldea www.altsasukokima.com Laguntzaileak: Arkatz liburu-denda, Altsasuko Udala eta Sakanako Mankomunitatea Oinarriak Lehena Lehiaketa honetan euskalduntzen ari den Altsasuko, edo Sakanako, edozein pertsonak parte hartu dezake. Baita ibarreko Mintzakide programako parte-hartzaileek ere. Bigarrena 4 maila ditu lehiaketak. 1. mailan hasierako eta 1A kurtsoko ikasleek parte hartu dezakete. 2. mailan, aldiz, 1B, 2 eta 2+ kurtsoetako ikasleek. 3. mailan 3 eta EGA ikastaroetan ari diren ikasleek parte hartu dezakete. Azken bi maila horietan Mintzakideek parte hartu dezakete. 4. maila lehiaketara aurkeztutako ipuinen audioendako da. Hirugarrena A mailan, banaka edo taldeka, egile bakoitzak nahi beste testu aurkez ditzake. B mailan lanak banakoenak eta, gehienez ere, hirukoteena izanen dira. Jakina, euskaraz idatziak. Lanen luzera norberaren esku dago. C mailan aurreko irizpideak gorde behar dira, baina bakarkako lanen kasuan laguntzaileak onartuko dira. Laugarrena Lehiaketa aurrera egiteko gutxienez 10 lan aurkeztu beharko dira. Bestela bertan behera geldituko da. Bosgarrena Testuak argitaratu gabeak eta jatorrizkoak izanen dira. Beste edozein lehiaketetan saririk jaso gabea izan behar du ipuinak. Seigarrena Irainak, sexismoa, arrazakeria, gorrotoa edo bestelako jarrerak sustatzen dituzten lanak ez dira onartuko, ezta oinarrizko eskubideren kontrako edukirik ere. Zazpigarrena Altsasuri buruzko erreferentzia(k) sartzea ezinbestekoa da, paisaiak direla, tokiak direla… Zortzigarrena Ipuin bakoitzaren bi kopi idatzi aurkeztuko dira lehiaketara. Horietaz gain, pdf gisa gordetako dokumentua bidali beharko da altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidera, beti ere ipuin lehiaketa eta ezizena gehituz. Espazio bikoitzean mekanografiatua egon beharko dute lanek. Ipuina gutunazal itxi baten barruan sarturik eta izenorde batekin, euskaltegian aurkeztuko da. Aipatu gutunazalaren barruan beste gutunazal itxi bat sartuko da eta bertan egileak bere datuak eman beharko ditu: izen-abizenak, telefonoa, helbidea eta euskara maila edo urratsa. Audio grabaketak 5 mega baino txikiagokoak badira posta elektronikoz bidali daiteke, bestela euskaltegian entregatuko da. Bederatzigarrena Kima, Altsasuko Euskara Taldeak izendatuko du epaimahaia. Hamargarrena Hainbat irizpide finkatu dira saritu beharreko testuak aukeratzeko: originaltasuna, sormena, mailari dagokion euskara. Epaimahaiaren epaia apelaezina izanen da. Lanak apirilaren 14tik 28ra arte aurkeztu daitezke. Sari banaketa maiatzaren 13an eginen da Iortia kultur gunean. Hamaikagarrena Aurkeztutako lanak Kima Euskara Taldearen esku geldituko dira. Publikatzeko aukera gordeko du. Hamabigarrena A eta B mailan sari eder bana izanen da: Arkatz liburu-dendan 75 euro gastatzeko txartela. C mailako lanik onenak Kimak emandako saria jasoko du. Hamahirugarrena Lehiaketan parte hartzeak berarekin oinarriak onartzea dakar. 



[Iruzkina sartu]
|